0 Comments

Europan parte hartzeko bideak

Edificio Berlaimont. Sede de la Comunidad Europea en Bruselas

Euskadin, Irekia da herritarrek Administrazioarekin komunikatzeko erabiltzen den tresna. Bertan, parte hartzeko, eta iritziak eta ekarpenak egiteko aukera dute herritarrek.

Baina herritar batek eskaeraren bat egin, edo ideiaren bat adierazi nahi badu Europan, zein bide hartu behar du?

Horretarako, hiru leiho daude eskuragarri:

1) Europako Batzordearen Zure ahotsa Europan.

2) Europako Parlamentuaren Eskaeren Ataria.

3) Europako Batzordearen Europako Herritarren Ekimena.

Zure ahotsa Europan web orrialdean, partaidetza, herritarrei zuzendutako kontsulta publikoen eta online galdetegien bidez burutzen da. Kontsulta edo galdetegi bakoitza ekimen espezifiko baten ingurukoa da, eta parte hartzea gai zehatz bati buruz osatutako galderak erantzunez egiten da.

Parte hartu nahi duen herritarrak, erantzun nahi duen dokumentuarekin hasi aurretik izena eta bizitokia duen herrialdea zeintzuk diren eman behar ditu. Gainera, partaidetza anitza eta nabarmena izan dadin, gaian adituak diren pertsonentzat eta ez direnentzat ezberdindutako galderak aurkezten dira atari honetan. Horrela, gaiaren ondorioek iritzi aniztasuna eskainiko dute. Dokumentua erantzun ondoren, egileak erantzunak gordetzeko aukera izango du. Kontsulta-aldiak 12 hilabeteko iraupena dute, eta denboraldi hori igaro ondoren, beste gai interesgarri batzuei buruzko kontsulta eta galdetegi berriak sortzen dira.

Eskaeren Ataria beste modu batean garatzen da, ordea. Kasu honetan, parte hartu nahi duen herritarrak eskaera bat egiten hasi aurretik izena eman behar du. Eskaera hauen gaiek Europar Batasunaren menpe dauden eremuekin harremana izan behar dute, eta herritarraren zeregina eskaera testu baten bidez helaraztea izango da. Idatzia egin ondoren, Europako Parlamentuko zerbitzuek erregistratu egiten dute. Ondoren, egileak adierazitakoaren arabera, idatzia anonimo edo konfidentziala bezala markatzen dute, eta azkenik zenbaki bat esleitzen diote eskaerari. Erregistroaren ondoren, eskaerak Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeko Idazkaritzari bideratzen dira. Komisio hau hilero elkartzen da izandako eskaeren analisia eta ebaluazioa egiteko, eta eskaera guztiak Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetara itzultzen dira. Amaitzeko, eta Batzordeak herritarrak egindako eskaeraren onarpena egiten badu, azken hau Eskaeren Atarian publikatuko da. Gainera, eskaeren jarraipena egiteko aukera dago orrialde berean.

Europako Herritarren Ekimenari esker,  herritarrak tresna honetaz balia daitezke Europako Batzordearekin harremanetan jartzeko, Europar Batasunaren eskumenekoa den arloren batean lege-testu bat proposatu dezan Batzordeak. Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetatik, gutxienez zazpi herrialdetako milioi bat herritarren babesa jaso behar dute herritarren ekimenek. Herrialde bakoitzean gutxieneko sinatzaile-kopuru bat eskatuko da.      

Milioi bat sinadura lortu ondoren, Batzordea ekimenaren azterketa egiten hasiko da. Hurrengo hiru hilabetetan azterketa hau hiru pausotan burutuko da:

Ekimenaren antolatzaileak Batzordeko ordezkariekin elkartuko dira beraien ideiari buruz azalpenak emateko.

Antolatzaileek beraien ekimena jendaurrean aurkezteko aukera izango dute Europako Parlamentuan.

Batzordeak, dokumentu ofizial baten bidez azalduko du herritarren ekimenean esku hartuko duen edo ez, eta horretara eraman dituen arrazoiak.

Categories:
Sin categoría

Deja una Respuesta