0 Comments

Nobedadeak geoEuskadiren bisorean

Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) erreferentziazko webgunea da GeoEuskadi. Hari esker, informazio geografikoa eskuratu eta berrerabil dezakete erabiltzaileek: esaterako, oinarrizko kartografiari buruzko datu publikoak kontsultatu ditzakete, bai, halaber, ibaiei, errepideei edo eskola publikoen kokapenari buruzkoak ere. Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendaritza da proiektuaren buru.

Webguneko orrialde nagusitik sar daiteke bisorera, eta, bertan, Euskadiko edozein toki ikusteko aukera dago, aireko argazkiak (ortoargazkiak), oinarrizko kartografia edo bien konbinazioak (hibridoak) baliatuta. Ezkerreko menuan, hainbat geruza aukeratu daitezke: mugak, lokalizazioa, izen geografikoak, URA, Ingurumena, Nekazaritza… Menuaren behealdean, berriz, informazio historikoa dago: Gipuzkoako Foru Aldundiaren ortoargazkiak (1954 eta 1983 urteetakoak), batetik, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzarenak, Euskadi osorako eginak (1991 eta 2001-2002 urteetakoak eta 2004tik aurrerakoak).

Joan den otsailaren 19an, geoEuskadiren 6. tailerrean, geoatariaren azken nobedadeak aurkeztu ziren Gasteizen. Bisorera telefono mugikorretatik eta tabletetatik sartzeko aukera dago jada, eta sare sozialen bidez parteka daitezke lokalizazioak. Bestalde, EUSTATen informazioari esker egin daitezkeen kale eta atarien bilaketez gain, ibai, gailur eta errepide-izenen bilaketak egiteko aukera ere badago orain. Horrez gain, hobetu egin dira informazio-geruzen edo gaikako kartografiaren gainjartze-tresnak, eta tresna horien erantzun-denborak murriztu. Era berean, ibilbideen profil altimetrikoak sortzeko aukera dago, Eusko Jaurlaritzaren kartografia ofizialean oinarrituta.

Categories:
Sin categoría

Deja una Respuesta